XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Axular parafraseatuz, finean bat bederak bere gisara, antzura eta moldera deitzen dizugu, ez baititugu guztiok legeak eta azturak bat, eta ez mintzatzea bera ere, zeren erresumak baititugu diferent.

Baina denok ezagutzen zaitugu eta modu desberdinetara izendatzen.

Zalantzak izan ditut, ordea, gutuna bidali behar ote nizun erabaki ezinik.

Pentsatzen nuen: helduko ote zaio gutuna ipuinen herri horretara?

Heltzen bazaio, izango ote du astirik irakurtzeko?

Zer pentsatuko du nire lotsagabekeria latzaz?

Erantzungo al dit?

Gutxi gorabehera, nere herri honetako neska bati gutuna idatzi diodan guztietan pentsatu izan ditudan gauza horietxek pasa zaizkit burutik, sentitu izan ditudan dardarizo berdintsuak ere sentitu ditut bihotzean...

Ikusten duzunez, ausartu natzaizu azkenean, baina egia aitortu behar dizut: luzaz egon naiz gutuna Nafarroako Barranka aldeko Mattin Mottela-ri zuzendu ala ez.

Baina zuen erresuma horretako postariak ezagutzen ote du Barranka aldetik kanpo euskaldunok ere apenas ezagutzen dugun buhamea, bularrean eskua jarriz gure pentsamendu eta sentimenduak irakurtzen zituen lapur bihotz zabala?

Peru eta Marixe ere oso maite ditut eta pentsatu ere pentsatu dut munduan izan den bikote inozoenari zuzentzea gutuna, baina izarrak kontatzea gustatzen zaie, edo Bakio aldeko txakolina edatea, eta gauza da behintzat adimenaren eskasiaz nahiz txakolinaren eraginez, nork daki zergatik!, ez direla inoiz hiztun batere apartak izan eta irakur zale ere hor nonbait izango direla pentsatuz etsi dut eta horregatik ez diet haieri bidali gutuna.

Hala, arrazoiren batengatik edo bestearengatik, izenak eta izenak ezabatzen joan naiz idatzita neukan zerrenda luze batetik: Fernando Amezketarra eta Tartalo, Axular eta Alarabie, Mari lamia eta Bargotako apaiza, Martin Ttiki eta Mateo Txistu, Mari Xor eta Guarin, Petiriberroko mandazaina, Berriatuko txanbolin jolea,...

Izen bat ezabatu, bestea baztertu, zure izena gelditu zait, Mari Errauskin.

Eder eta zintzo, mundu guztiarena izaki, gurea ere bazarana.

Sufritzen eta ondo eramaten dakizu enbidiak eta gaizki ikusiak.

Perrault-en bertsio barrokoan exuberante eta joria zaituguna, terneziaz betea zaitugu Grimm anaien bertsio erromantikoan, gure Azkuek Murelagako Maria Martina Maruri emakumeari jaso zion bertsioan berriz apala zaitugu oso...